Euskara normalkuntza
EUSKARAREN NORMALKUNTZA PROIEKTUAK, gure institutuan, 1997-98 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea, NOLEGA programaren bidez eta gaur egun, hor gabiltza, eskolako kide guztiek, gogoz eta indarrez lan eginez. Normalkuntza batzordean estamentu guztiek hartzen dute parte: irakasleek, ikasleek, zuzendaritzak, gurasoek eta administrazioko langileek. Horrez gain, zenbait ekintza antolatzen direnean normalkuntza batzordean sartuta ez dauden irakasleen eta ikasleen inplikazioa nabaria izaten da.
Proiektu honen helburu nagusia ikastetxean, eta bereziki ikasleen artean euskararen erabilera indartzea eta kalitatea hobetzea eta euskal kultura eta sormen lana bultzatzea litzateke, Hizkuntz Normalizazioa gure formazio integralaren zati eginez, eta bereziki bertoko euskalkiari prestigioa emanez.
Hau bideratu nahian, 2007an euskararen egoeraren diagnosia egin zen. Euskararen erabilera aztertu zen Institutuko ikasle, irakasle eta guraso eta irakasle ez diren langileen artean. Diagnosia kontuan hartuta, eta Klaustroaren zein Eskola Kontseiluaren onespenaz, lau urterako proiektu berria diseinatu genuen. Urte horretatik aurrera, 4 urtero, diagnosia eta hausnarketa egin ostean, beste 4 urteko proiektua osatzen dugu.
Normalkuntzari begira, urtero, bete beharreko gutxienekoak ondo zehazten dira. Gainera, batzarrak eta jarduerak antolatzen ditugu herriko Udaleko Euskara eta Kultura arduradunekin, baita kultur taldeekin ere, eta gainerako ikastetxeekin. Literatur eta bertso lehiaketak eta euskara eta euskal kulturan oinarrituta jaiak antolatu eta zuzentzen ditugu eta herrian antolatutako jardueretan parte hartzen saiatzen gara eta beharrezkoa ikusten dugunean, euskaraz egun batzuk bizi ahal izateko, euskal girotze egonaldiak egiten ditugu; hau dena aurrera ateratzeko urtero, Institutuko Euskara Batzordea osatzen dugu.
Bestalde, irakasleentzako ikastaroak antolatzen ditugu Administrazioarekin batera.
Hau guztia aurrera atera ahal izateko beharrezkoa da guraso, irakasle eta denon esku hartze eta borondate ona. Edozein zalantza nahiz ekarpenerako, irakasle arduradunekin harremanetan jarri.