Historia
Uda amaituta barriro bueltan
Hasi da kurtso barria
Igiri daigun beste batez be
Jakintasun egarria
Urte bat gehiago hemen gagoz
Irakaskuntza iturria
Besoak zabalik doguzala
Zuentzat ondo etorria
Batek egurre, bestiek mailue,
Lanean danok batera
Zuek apur bat ta guk beste bat
Txalupa (bapora) eraikitzen da
Arrie belak, aingura gora
Gogor emaigun palada
Olatu artien bitsez bustita
Bogan hona eta hara
Danok batera pasatu daigun
Aurten ere marejada
Ondo etorri kosta aldeko
Itsasontzi honetara
Gaurko Bermeoko Institutua, bi ikastetxeren bategitetik sortua da. Alde batetik, Ignacio Arozena izenekoa, ohiko Batxilergokoa (BBB) eta, bestetik, Barrueta tar Benito izenekoa, Lanbide Heziketa eta Erreforma Batxilergoetakoa (LH eta IEE).
Ignacio Arozena ikastetxea. Institutu honek, eraikuntzari dagokionez, 1828tik aurrera dokumentatuta dagoen Eskola Nautikoan dauka bere jatorria. 1921ean Merkataritzako ikasketak gehitu zitzaizkien Nautikakoei. 1925ean ofizialtasuna galdu zuen arren, martxan jarraitu zuen akademia gisa 1936ra arte. 1953an, Irakaskuntza Ertain eta Profesionaleko Zentro bihurtu zen, "maritimo y pesquera" modalitatean (1953ko urtarrilaren 9ko dekretuz onartu zen). Aurreko urtean, 1952an, Bermeoko Udalak bere jabetzakoa zen Artaldeko eraikina ("Klub Nautikoa" izenekoa) eman zuen zentru berriaren egoitzarako. Hasierako urte hartan 6 irakasle titular eta lantegiko maisu bat izan ziren ikastetxeko pertsonal dozentea. 1954an (ekainaren 7ko aginduz), "Almirante Martin de Bertendona" izena jarri zitzaion ikastetxeari. 1961ean, lantegiak ezartzeko, zabalkuntza lanak egin ziren ikastetxean. 1965ean, Goi Mailako Batxilergo Laboraleko Ikastetxe bihurtu zen. 1990ean, azkenik, eraikuntza berria egin zen Matxitxako Bidean, "Ignacio Arozena" izenarekin (ikastetxeko estimu handiko irakasle baten ohorean) eta bertara aldatu zen erakundea.
Barrueta tar Benito ikastetxea. Lanbide Heziketako Atxuriko Zentroaren atal legez sortu zen ikastetxe hau eta bere egoitza, klase teorikoak emateko, Artaldeko etxebizitza batzuen azpialdeko lokalak izan ziren (gaur egun herriko euskaltegiak dauden lekua). Klase praktikoak, antzinako Nautika edo "Almirante Martin de Bertendona" institutuko lantegietan ematen ziren. Bere sorrera 1976ko azaroaren 12ko aginduz gertatu zen, 1. mailako Lanbide Heziketako ikasketekin. 1986an 1. eta 2. mailako Lanbide Heziketako Ikastetxe bihurtu zen, bere autonomia lortuz. Ondoko ikasketak ematen ziren: LHko 1. mailan: Mekanika, Elektronika eta Administratibo; eta LHko 2. mailan: Elektronika eta Administratibo. Ordurako ikastetxe berria eraikita zegoen, Esparru kalean. 1986-87ko ikasturtean estreinatu zen eraikina. Eraikuntza berriari, "Barrueta tar Benito" izena ipini zitzaion (herriko margolari handiaren ohorean) eta Lanbide Heziketaz gain Erreformako Batxilergoko ikasketak eman izan dira bertan.
Ignacio Arozena / Barrueta tar Benito BHI Tradizio desberdineko bi ikastetxe hauen bateratzea 1997-98ko ikasturtean gauzatu zen. Hala ere, kurtso horretan fusioa burututa zegoen arren, bi zuzendaritza mantendu ziren, bakoitzean bat. Hurrengo ikasturtean, 1998-99an bateratu ziren, azkenik zuzendaritzako karguak ere. Harrez gero bi eraikineko zentro bakarra da Bermeoko Institutua.